XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bolantekin hartutako arraina kontserba enpresetan dela adierazi dute kofradiek

Bolanta sareekin harrapatutako hegaluzea erosi dute Echeverria Idoeta Ormaza eta Infrisak, Gipuzkoa eta Bizkaiko baxurako kofradiek atzo adierazi zutenez.

Kontsumitzaile eta etxekoandreak jakinaren gainean izan daitezen irailean Hendaian porturatutako 56.000 kilo hegaluze Hegoaldeko kontserba enpresek erosi zutela ohartarazi zuten kofradietako iturriek.

Baxurako kofradien arabera, irailaren 9an Hendaian porturatutako 40.000 kilo hegaluze zeramatzaten hiru kamioik Echeverria Idoeta kontserba enpresan utzi zuten arraina.

Enpresa honek Heisa marka merkaturatzen du.

Irailaren 19an, berriz, Hendaian jasotako 16.000 kilo hegaluze eraman zituen kamioi batek Ormaza enpresara.

Kamioi guztiak Reytran enpresakoak zirela jakinarazi dute aipatutako iturriek.

Arrain inportatzailea den Infrisa S.A. konpainiari erositako hegaluzearen bezeroak nortzuk diren galdegin zioten kofradietako ordezkariek, eta erantzunik jaso ez zutenez elkarteak biltzen dituen kontserba enpresak direla ondorioztatu dute.

Infrisa legez kanpoko sareekin harrapatutako arrainaren inportatzaile handia dela adierazi dute arrantzaleek.

Bestalde, kofradiek igorritako agirian jasotzen denez, Frantziako kontserba enpresek ez dute bolantekin edo sare pelagikoekin harrapatutako arrainik erosten, beraientzat eta beren kontsumitzaileentzat kalitatea eskatzen baitute.

Enpresa hauek Indikoan atunzale-izoztaileek arrantzatutako hegaluzea erosten dute.

Gure kontserba enpresak dira aipatutako sarrekin harrapatzen den kalitate eskaseko arrain inportatzaile nagusiak eta frantziarrak hona datoz Iparraldeko hegaluzea erostera adierazi dute kofradiek.

Beren ustez, kontserba enpresa batzuk Iparraldeko hegaluzea edo atun zuria izenarekin merkaturatzen dute kalitate eskasagoa duen produktua, onaren prezioan gainera.

Kofradiek larunbatean Bilbon egingo den bolanten aurkako manifestaldian parte hartzera deitu dute.

Deialdiarekin bat egin dute dagoeneko Eguzki elkarte ekologistak eta HB zein EA alderdi politikoak ere.